Seitai berbak, japonieraz, "gorputza ordenatzea, antolatzea" esan nahi du .
Seitai, giza izaera ulertzeko, zaintzeko, behatzeko eta lantzeko modu bat da; izaera, neurea, zeurea, berea, norbanako bakoitzarena, izaki bizidun bakoitzarena, bakarra eta errepikaezina baita. Gure organismoari, gorputzari, bere osotasunean, darion bizitzaren adierazpen espontaneoa lantzean eta errespetatzean datza, menperatzen eta kontrolatzen saiatu barik. Gure gorputz osotik, izaki osoaren baitatik sortzen da bizitza-adimena; ez enborra mendean duen burutik, baizik eta gure zelula bakoitzetik, gure ADNtik. Eta bost mugimendutan oinarritutako praktika sinple batzuen bidez berreskuratuko dugu gure alderdi hori, urteetan zehar ahaztuta baina, halere, oraindik ere aldean daramaguna.
Bizitza-adimen honi esker sortu gara zelula bakar batetik; jaio, hazi, elikatu, ugaldu eta inguruko egoeretara moldatzen gara, mundura etorri ginenetik eta gure bizitzaren azken egunera arte.
Noguchik Tenshin hitzaren bidez gogorarazten digu ze espiritu edo gogo behar dugun bizitzeko, gure seme-alabak hezteko eta praktikatzeko. "Ortziaren psikea" da Katsumiren hitzetan, Tenshin-ek "zeruko bihotza" esan nahi baitu japonieraz. Bi "kanju" ditu hitzak: zerua eta bihotza; baina hau ez zentzu anatomikoan ulertuta, psike bezala baizik. Noguchik zioen helduok haurrei tenshin-a lapurtu barik, eurekin bizi behar dugula, elkarrekin, tenshin horretan.
Nik Tenshin hitza aukeratzen dut Seitai Kulturaren definiziorako. Malgutasun fisiko eta mentala berreskuratzea, gure CVP (Buru, Orno eta Pelbisa) osotasunean koordinatzea, inolako helburu zehatzik gabe, jaiotzez genuen eta ezagutza, ikasketa, ahalegin edo teknika konplexurik behar ez duen hizkuntza zahar honekin gozatzea besterik ez. Harritu eta gure CVP beraren bidez eramaten uztea. Gure burua ohituta gauden modutik ezberdin mugituko dugu, eta praktika sinple honetan ikusiko dugu nola landu dezakegun gure natura, gure mugimendua lagunduz eta errespetatuz, ez ezer behartu edo ahalegindu nahi izanda.
Horregatik, Haruchika Noguchik 1956an Seitai Elkartea sortu zuen, bere benetako tokia emanez: kultura gisa, eta ez terapia gisa. Japoniako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak aitortua, gaur egun bertan jarraitzen du.
LIBURUAREN IRUDIAK:
SEITAI, GIZA NATURAREN ULERMEN BERRIA
Katsumi Mamine Miwa, Bartzelona, 2007ko urtarrilaren 2a"...Seitai" hitzez hitz itzulita "gorputz erregulatua" esan nahi du.
Mendeetan zehar, gorputzaren naturari buruzko hainbat kontzeptu artifizial sortu dira; Seitai-k, berriz, bere jatorrizko zentzua berreskuratzen du eta bere burua berez erregulatzen duen bezala kontenplatzan du.
Izan ere, gorputza izaki bizidun bat da, besterik ez. Gorputza izaki bizidun soil gisa hartzen badugu, funtsezko galdera bat planteatzen da: bizitza, bizi-energiaren neurrigabeko jarduera autonomoa, ki-a.
Lehenik eta behin, Seitai bere dinamismo eta naturarekiko errespetua da; gatazkatsua dirudien existentzia hau osasuntsu, bete-betean eta askatasunez bizitzea da.
Baina, nork sentitzen eta gauzatzen du bizitza osasuntsu, betea eta askea? Gutako bakoitzak , zeren , zer zentzu izango lukete osasun eta betetasun kontzeptuek, bizi izandako esperientzia erreal bati erantzungo ez baliote?
Batzuek diote:
"Osasunez gozatzen badut, egunero halako ordu batean esnatzen eta lotara joaten naizelako , ariketa jakin batzuk etenik gabe praktikatzen ditudalako eta dieta jakin bat jarraitzen dudalako da..."
Hau gogo hausnarketak sortutako jarrera bat da, eta planteamendu hauek benetako bizipenei erantzuten badiete, ezin ezer esan.
Baina galde geniezaioke geure buruari: praktika jakin batzuk burutu ezik eta zenbait printzipio bete ezean, ez al gara osasuntsuak izango? Bizitza osasuntsua borondatezko praktika batzuen ondorio al da, edo gure gorputza berez osasuntsu bizitzeko gai delako gertatzen da?"
GORPUTZA DA... SEITAI-KO KONTZEPTU BAT,
Katsumi Mamine, 1983